Boluntarioak eta emozioak

Beti esaten dugu Donostiatik Lesbosera doan boluntariotza gure proiektuaren zutabeetako bat dela. Kara Tepe izeneko kartzelan (Lesboseko errefuxiatu-esparrua bezala ezagutzen dena) dauden pertsonei janari duina prestatzen laguntzen diguten bitartean errealitate ezberdinak ikasi eta sentsibilizatzen dira. Baina, batez ere, beste pertsona batzuekiko harremanak eta elkartasun-sareak sortzen dituzte eta, horrela, gizartea isilik geratzen ez dela erakusten degu, mendebaldeko agintariek ezartzen dizkiguten mugetan egiten diren bidegabekerien eta astakerien aurka gaudela.

Horren erakusle dira handik boluntarioek idazten dizkiguten gogoeta batzuk eta Euskadiko errealitatera itzultzen direnean izaten den ikuspegi-aldaketa.

“Gauzak beste perspektiba batetik ikusten hasi naz Lesbosetik bueltau nazenetik. Telebista eta sare sozialetan hainbat argazki ikusten doguzan arren (komeni baino gitxiau),  haztu eiten iaku askotan zifra baten atzien pertsonak, familiak, bizitzak dauzela. Bizipen eta sufrimentu beteriko pertsonak; banatuak izen dien familiak edota bertan sortu dienak; libre eta duintasunez bizitzea ukatzen iaken bitzitzak.”

“Egun batzuk daramatzat hemen, eta esan dezaket egokia izan zela urtarrilean dei hura egitea Lesvosera etortzeko Zaporeak elkartearekin.
Sukaldera joateko egunero gidatzea tokatu zait, uharte honetako irlatxora, non etengabe aritu gara lanean: barazkiak txikitzen, igerilari olinpikoen modura tipulak zuritzen eta xehatzen, ogia egiten, biltegiko kaxak eta poltsak txukuntzen eta osatzen, kanoi-iragazkiak garbitzen, laranjei adarrak eta hostoak kentzen, fruta-errazioak zenbatzen eta prestatzen, ia mila errazio ebakitzen, 200kg oilasko-bularki mozten, garbitzen lanabes eta txoko bakoitza, baita kazuelak ere, literalki sar naitekeenak.

Lan orduak irribarrez, gaizki hitz egindako hizkuntzekin, komunikatzeko ahaleginekin, kilo askoko pazientziarekin, barrea eragiten diguten txantxekin eta musika askorekin: Hadirekin fregatzen ari bagara, bere farshi musikarekin gozatzen gaitu, Muhamedekin ogia egiten badugu, ingelesa eta grekoa nagusitzen dira eta Yakubekin platereratzen badugu denetik pixkat…
Eta hainbeste jardueraren artean dator gure breakfasta, Yamalek prestatua. Delicious!! 😋
Eta energia positibo korronteare honekin, pilak kargatuta furgonetarekin banaketara ateratzea ahalbidetzen du.
Irlatxotik kanpoko ordu horiek gogorarazten didate zergatik gauden hemen, edo kanpamenduko atean Reza edo Yamali agur esaten diozun unean, edo supermerkatuan azalaren kolorearen arabera ilarak egiten oi zituztela esaten dizutenean, edota Erviri ilea moztu nahi izan ez ziotenean, beltzei ilea mozten ez zietelako… Ez al dizue gogorarazten, Martin Luther Kingek edo Nelson Mandelak , besteak beste, borrokatu zutenaren aurka?”