Elikagai lehorrez beteriko poltsen banaketa masiboa hasi dugu

Janari-lehorraren-banaketa

Asteburuan elikagai lehorrez beteriko 2.000 poltsa banatu ditugu Lesboseko kanpamentuan harrapaturik dauden pertsonen artean, Movement On The Groundeko kideen kolaborazioarekin, eta egunotan zehar esparruko biztanle guztiengana iristeko ahalegina egingo dugu.

Pasta, arroza, dilistak, patatak… Pertsona errefuxiatuek hainbatetan helarazi izan digute haien kabuz kozinatu ditzaketen elikagaiak ere jasotzea gustatuko litzaiekela, eta, azken egunotan, nahi hori premia bilakatu zaie, Greziako gobernuak ezarri duen itxialdia dela-eta kanpora ateratzeko are zailtasun gehiago dituztelako.

Horregatik, eguneroko otorduak kozinatzeaz gain, janari lehorraren banaketa masiboak prestatzeari ere ekin diogu Zaporeaken sukaldean, eta egunotan zehar kanpamentuko biztanle guztiengana iristeko ahalegina egingo dugu.

Lehen banaketa honetan, familia unitate baten barnean ez dauden emakume eta gizonei eman diegu janaria, eta egun gutxi barru kanpamentuko familientzako banaketa bat ere egingo dugu.