ESNE BILKETA KANPAINA ABIATUKO DU ZAPOREAKEK HEGO EUSKAL HERRIKO HERRIALDE GUZTIETAN

MARTXOAREN 13AN HASIKO DA GIPUZKOAN, APIRILAREN 24EAN BUKATZEKO BIZKAIAN

Zaporeakek esne bilketa kanpaina abiatuko ditu martxoaren 13an hasita, Gipuzkoan, eta hurrenez hurren, bi astero Hego Euskal Herriko lurralde guztietan, Bizkaian amaituz apirilaren 24ean. Horrela, herrialde bakoitzean, egokitutako egunean, hiriburuetan nahiz batzen diren udalerrietan esne eta diru bilketak garatuko dira.

Datak:

Martxoak 13: Gipuzkoa |Martxoak 27: Araba |Apirilak 10: Nafarroa |Apirilak 24: Bizkaia

Horrela, Gipuzkoako hiriburuan, Donostian, martxoaren 13an hiru bilketa puntu egongo dira egun osoan zehar esnea jasotzen eta dirua biltzen: San Martingo azokan, Super Amara Benta Berrin, eta Super Amara Isabel IIa Etorbidean. Goizeko 10:00etatik hasi eta 20:00ak bitarte ordutegi jarraian. Garrantzitsua da esnea, behi esne osoa izatea, iraungitze data luzekoa, Tetra Brik-ean. Bereziki azpimarratu nahi dugu hori esnea iraungita iritsi ez dadin.

Martxoaren 13an, Donostiaz gain, Zarautz, Usurbil, Oñati, Aretxabaleta, Arrasate, Aramaio, Beasain eta Legazpin ere bilduko da esnea. Gure sare sozialen bitartez eta web orriaren bitartez puntu eta ordutegi zehatzen berri emango dugu.

ESPARRUETAN BIZI DEN EGOERA KRITIKOAREN ONDORIOZ, LEHORREKO BANAKETARI EKIN DIOGU

Zaporeakek janaria kozinatzen eta banatzen jarraitzen du, Grezian, bere sukalde proiektuarekin Lesbos uharteko larrialdiko Kara Tepe errefuxiatuen esparruko iheslarientzat janari duina kozinatzen eta banatzen. Moriako sutearen ondoren, gure lan egiteko modua berrantolatu behar izan genuen, egoera bestelakoa baitzen. 5 hilabete hauetan, egoerak okerrera egin du esparruetan eta Covid-19a tarteko, pertsona errefuxiatuen elikadura premiak areagotu egin dira. Horiek horrela, kozinatzeaz gain, lehorreko banaketari ekitea iritzi diogu.

Dagoeneko hasiak gara hilean behin lehorreko elikagai sorta zabal baten banaketa egiten Kara Tepeko 7.200 pertsonen artean. Abendutik martxora bitartean, hilean behin banaketa hori egin dugu. Orain, horretaz gain, astero esnea eta fruta helarazi nahi diegu kanpalekuko biztanleei gabezia nutrizional handiak baitituzte. Horrela, 7.200 lagunei astean behin janari osagarriko poltsa bana banatuko diegu, honela antolatuta: hileko lehenengo hiru astetan fruta eta esnea partituko dugu eta azkenekoan, berriz, janari lehorrez osatutako elikagai sorta zabal bat.