Iñaki Landaren ilustrazioa salgai Zaporeakek Lesbosen duen proiektua indartzeko

Inaki Landa han hemenka ilustrazioa zaporeak

Iñaki Landa ilustratzaile bilbotarrak ‘Han-Hemenka’ ilustrazioaren 300 lamina salduko ditu, bildutako diruaren bi heren Lesboseko proiektura bideratzeko asmoarekin.

Europan dauden pertsona errefuxiatuen egoera buruan izanda, lan honekin Landak bi errealitate parez pare kokatu nahi izan ditu, “txanponaren bi aldeak” irudi berean islatuz, “ispilu antzeko simetria desorekatu batean”. Kontzientziazioa ez da, baina, obra honen helburu bakarra, harekin bildutako diruaren bi heren Zaporeakek Lesbosen duen proiektua indatzera bideratuko direlako.

Guztira 300 kopia jarri ditu salgai, 25 euroko prezioarekin, eta esteka honetan eskuratu daitezke. sinatuak, zenbakituak eta A4 formatuan.

Jarraian, Landak obrari buruz eskainitako azalpena:

Oso ezaguna zaigun pertsona migratzaileez lepo doan airezko ontzitxoaren irudia bururatu zitzaidan, munduaren alde honetan zenbait pertsonek egunero partekatzeko aukera dugun otordu batekin batera: aldi berean, bi irudiak elkarbizitzan daude, Europan.

Instituzioek aldarrikatutako eskubide eta aukera berdintasunen aldeko diskurtsoek talka egiten dute errealitatearekin. Haserretik eta frustraziotik sortutako lana da, bestelako borondate politiko batek bestelako konponbideak eskaini beharko lituzkeelako, migrazio eta muga politika hiltzaile hauen ordez.