Moriako errefuxiatuek sorturiko eskolak bere ateak ireki ditu

Este proyecto promovido por la comunidad afgana de Moria permitirá ahora seguir alfabetizando y educando a los hijos e hijas de las personas refugiadas.

Itxaropen olatu bat. Hori da Lesboseko Moria kanpamentuan bizi diren pertsona errefuxiatuek eraiki berri duten hezkuntza zentroa. Moriako Wave of hope for the future eskolak astelehenean ireki zituen bere
ateak, errefuxiatuen esparruan bizi diren umeen hezkuntza beharrak asetzeko helburuarekin, eta zentroak egun gutxian 1.500 izen emate baino gehiago erregistratu ditu.

Eskola errefuxiatuek diseinatu eta eraiki dute, Moriako olibadian, eta kanpamentuak orain arte izan duen hutsune handi bat betetzeko asmoarekin jaio da, izan ere, esparruan bizi diren milaka haurrak eskolatu
gabe egon dira Europara heldu zirenetik. Eta hori gutxi balitz, koronabirusaren harira, uharteko zenbait eragilek errefuxiatuei eskaintzen zizkieten hezkuntza zerbitzuak bertan behera geratu dira azken
hilabeteotan, gobernuak Moriako biztanleei esparrutik ateratzea debekatu dielako.

Kanpamentuko komunitate afganiarraren ekimenez sorturiko proiektu honek, ordea, aukera emango du errefuxiatuen seme-alabak alfabetatzen eta hezten jarraitzeko. Asteetan zehar, egitasmoaren sustatzaileek
Morian bizi diren irakasleak identifikatzeko lana egin dute, 55 langilez osaturiko talde bat ehunduz, eta horri esker ikasleen adinaren arabera banaturiko hainbat kurtso antolatu ahal izan dituzte.

Eskolak herrialde eta fede guztietako ikasleak onartzen ditu, eta pertsona helduek ere klaseak jasotzeko aukera izango dute, besteak beste, greziera, ingelesa, frantsesa eta alemaniera ikasteko.

Ikasi ahal izateko leku seguru eta atsegin bat

Proiektua aurrera atera ahal izateko, errefuxiatuek irlako hainbat eragileren donazioak jaso dituzte. Hain zuzen, diru horrekin, ikasleentzako materiala (koadernoak, arkatzak…) eta eskolaren eraikuntzarako
baliabideak erosi ahal izan dituzte, emaitza ikusgarri batekin: soilik hilabete eta erdiko epean egurrezko eraikin sendo bat altxatu dute, bere zonalde desberdinduekin (arte gela, liburutegia…) eta haurrentzat
egokitua dagoena. Hezkuntzarako leku seguru eta atsegin bat, alegia.

Bada, proiektu eder bezain garrantzitsu honen lekuko izanik, Zaporeakek bere laguntza eskaini zien duela zenbait aste eskolaren sustatzaileei, eta hortik jaiotako kolaborazioaren ondorioz, orain egunero otorduak
banatzen ditugu zentroan lan egiten duten pertsona guztien artean, Wave of hope for the future eskolak etorkizun oparoa izaten jarrai dezan.