Neguak gogor astintzen du Kara Tepeko larrialdi esparrua, Lesbosen

Neguak gogor astintzen du Kara Tepeko errefuxiatuen esparruan, Lesbosen. Zaporeak.

Negua gogor jotzen ari da Lesboseko errefuxiatu kanpalekuan. Izan ere, urrian izandako lehen eurite eta uholdeei haizete indartsuak eta tenperaturen beherakada batu zaizkie azken hilabeteotan, eta itsasertzean kokaturiko dendetan bizitzen ari diren 7.000 asilo eskatzaileen egoera gero eta larriagoa bilakatzen ari da egunetik egunera.

Kanpalekuko biztanleek mugikorrekin jasotako irudietan ikusi dezakegu nola ura denden barnean sartzen zaien euria egiten duen bakoitzean, haien arropak ere bustiz, eta baita haizeak jotzen duen aldiro kanpaleku guztia hankaz gora nola geratzen den ere. Panorama samingarria da, eta jada jasangaitza zena are lazgarriago bilakatu da neguko hotzarekin.


Elektrizitate korrontearen etengabeko mozketek ezinezkoa egiten dute berogailuekin dendetako tenperatura mantentzea eta, askori, hotzari aurre egiteko geratzen zaien aukera bakarra sute txikiak egitea da. Horrek, ordea, istripuen arriskua areagotzen du, kanpalekuan urtarrilean kiskali den denda baten kasuarekin ikusi dugun modura. Zorionez, honakoan ez zen zauriturik egon, baina hor bizi ziren bi familiek haien ondasun guztiak galdu zituzten berriro ere.

Nola ez, bizi baldintza tamalgarri hauek eragin zuzena izaten ari dira ‘behin-behineko’ kanpaleku honetan harrapaturik daudenen osasunean, haur zein helduetan, eta maila fisiko zein mentalean. Mugarik Gabeko Medikuen arabera, esparruko biztanleen artean buruko gaitzen gorakada nabarmen bat ematen ari da, eta joera hori are larriagoa da kanpalekuaren %37a osatzen duten adingabeen artean.


Bestalde, honekin guztiarekin nahikoa ez balitz bezala, kanpalekuko lurra berunarekin kontaminatuta dagoela aitortu berri du Greziako gobernuak, hainbat erakunde eta kazetariren presioaren ondorioz lursailaren analisi bat egin ostean.


Esparruko puntu desberdinetan harturiko hamabi laginetatik, guztiek erakutsi dute kontaminazioa, eta horrek osasunarentzako suposatzen duen arriskua dela eta, pertsona errefuxiatuekin lan egiten duten 20 erakundek kanpalekuaren berehalako desalojoa burutzeko eskari zuzena luzatu diote Immigrazio eta Asilo Ministerioari. Zoritxarrez, kasu honetan ere, gobernuaren jarrerak orain arteko bide beretik jarraituko duela dirudi, asilo eskatzaileen bizitzak bigarren maila batean jarriz eta haien osasunarekin jokatzeko konplexurik gabe, kanpalekua desalojatzeko aukera guztiz bazterturik.


Gauzak horrela, eta ohikoa den moduan, albiste onik ez Lesboseko errefuxiatu esparrutik. Jendeak sufritzen jarraitzen du, eta egoera salatzea bera gero eta zailagoa bilakatzen ari da poliziaren presioaren ondorioz. Argazkiak eta bideoak egiten harrapatuz gero, poliziarekin arazoak izan ditzaketela diote kanpalekuko biztanleek, eta GKEetako langile eta kazetariek ere guztiz debekatuta dute barruko irudiak hartu edo zabaltzea.