Ortzian taldeak Zaporeaken aldeko kontzertu solidarioa eskainiko du Donostian

Ortzian Zaporeak

Gareseko musika taldeak emanaldi berezia eskainiko du abenduaren 28an Parte Zaharreko San Bizente elizan, Zaporeakek Lesbosen duen proiektuari babesa emateko helburuarekin. Kontzertua 18:00etan hasiko dute eta sarrera doakoa izango da.

Ortzian taldeak kantu herrikoiak eta erlijiosoak uztartzen ditu, musika eta poesia txandaka isuriz. Bere sei kideek 2017an hasi zuten taldearen ibilbidea Gareseko Gurutze Santuko eliza erromanikoan, eta azken urteotan Gipuzkoan zehar kontzertuak eskaintzen aritu dira.

Haien errezetaldiak Done Jakue bideko aspaldiko abestiekin osatzen dituzte, eta besteak beste Antxietaren, Peñafloridako kondearen eta Tibalt Nafarroako errege koplariaren kantak jotzen dituzte. Azpiko bideoan, duela bi urte Itziarko Santutegian eskainitako emanaldiaren zati bat ikusi daiteke.

Datorren asteleheneko kontzertuarekin, Ortzian taldeak bere babesa adierazi nahi izan dio Zaporeakek Lesbosen egiten duen lanari, eta San Bizente elizara joango direnek haien borondatezko ekarpenak egiteko aukera ere izango dute emanaldiaren amaieran.