Rowing Togetherrekin batera arraunean

rowing-together

Moriako esparruan baldintza zaurgarrienetan bizi diren pertsonei janaria eskaini ahal izateko Zaporeakentzat ezinbestekoa da bertan lan egiten duten GKEekin elkarlanean aritzea, behar handienak dituzten kasuak identifikatzen laguntzen digutelako. Rowing Together gure kolaboratzaile horietako bat da.

Morian duten klinikan, Rowing Togetherreko kideek laguntza ginekologiko eta obstetrikoa eskaintzen diete esparruan bizi diren emakumeei, egunero 30 bat pertsona artatuz. Haurduntzen kontrolak, ekografiak eta ginekologia orokorrak egiteko gai dira, antisorgailuak eta aholkularitza eskaintzearekin batera, eta kasu bakoitzaren gertuko jarraipena egiten dute.

Morian zerbitzu ginekologikoak eskaintzen dituen klinika bakarra izanik, esparruko gainerako osasun zentroek euren pazienteak bidaltzen dizkiete, sarritan kanpamenduan edo jatorrizko herrialdetik eginiko bidaian zehar sexu erasoak jasan dituztenak.

Gobernuak martxoaren 23tik Morian mantentzen duen berrogeialdi egoerak emakumeen aurkako indarkeriaren gorakada bat eragin du, eta esparrutik atera ezinak uharteko osasun zerbitzuetarako heltzea mugatzen die. Testuinguru horretan, Rowing Together Lesboseko emakume errefuxiatuentzako ezinbesteko babeslekua bilakatu da.

Duela zenbait hilabetetik, Zaporeak erakunde honekin elkarlanean ari da elikadura osagarri bat behar duten emakumeei otorduak eskaintzeko, besteak beste, haurduntze korapilatsuen kasuetan, anemia dutenen kasuetan edo ama ezkongaien kasuetan.

Gauzak horrela, Zaporeakek eta Rowing Togetherrek elkarrekin arraunean jarraituko dute, zuen babesarekin elikadura gabezia horiei aurre egin eta pertsona errefuxiatuei janari duina eskaintzen jarraitzeko.