Sutetik uholdetara

Negua iristear dagoela, pertsona errefuxiatuek Lesboseko kanpalekuan bizi duten egoerak sumingarria izaten jarraitzen du. Eguraldi txarraren aurrean babesgabeturik, hor bizi diren 7.000 pertsonak gaizki isolaturiko dendatan egiten dute lo oraindik, euria egiten duen bakoitzean urez betetzen den lurrazal baten gainean. Eta egoerak soilik okerrera egingo duela dirudi.

Kanpalekuko berri honetako lurra ez da ura drainatzeko gai, eta ekaitza dagoen aldiro denden artean errekatxoak sortzen dira, jendea lehor mantentzeko aukerarik gabe utziz. Eta horrek zer pentsatua ematen du: zer gertatuko da euriteek hainbat egunetako edo asteetako iraupena izaterakoan? Nola egingo diote aurre horri haizeak gogor jotzerakoan eta tenperaturak behera egiterakoan? Egoerak oso itxura txarra dauka.

Greziako gobernuak, ordea, alternatiba seguruak bilatu beharrean, udara arte jendea kanpaleku horretan mantentzeko apustua egin du, ordurako uhartean atxikitze zentro berri bat eraikita izateko itxaropenarekin.

Hauek ez al dute, baina, oraindik ezer ulertu? Moriako suteak argi utzi zigun jendea kanpaleku gainpopulatuetan atxikitzea ideia oso txarra dela, zentzu guztietan, eta hala eta guztiz ere akatsa errepikatuko dugu? Jendeak sufritzen jarraituko du eta, orain arte bezala, ezbeharrak bata bestearen atzetik helduko dira.

Hain zuzen, azaroaren 11n, sute berri batek Samos uharteko 4.000 biztanleko kanpalekuaren zati bat erre zuen, haietako askoren etxeak kiskaliz, eta egun gutxi lehenago, kozinatzeko gailu batekin eragindako suteak bi denda kiskali zituen Lesboseko esparruan.

Horiek horrela, Moriako ezbeharra beste edozein unetan errepika daitekeela pentsatzeko arrazoirik ez zaigu falta, baina ez dirudi horrek gobernua gehiegi kezkatzen duenik ere.

Pertsona errefuxiatuek hemen jasaten duten babesgabetasuna agerian geratu zen ere urriaren 30ean Egeoko kostaldeak astindu zituen lurrikararekin. Sismoaren ondorioz sor zitezkeen tsunamien beldur, autoritateek dendak abandonatzea eta itsasertzean kokaturiko kanpalekutik aldentzea eskatu zioten jendeari, iraileko sutea baino larriagoa izan zitekeen tragedia saihesteko ahaleginetan.

“Ahal duena salba dadila”, hori da gobernuak errefuxiatu kanpalekuentzat dituen larrialdi protokoloak definitzeko modurik onena.

Euri berria, zaharraren gainean

Urrian zehar, kanpaleku berriko agintariek barne funtzionamendu berri bat ezartzea eta egonkortzea lortu dute, baina, Morian gertatzen zen modura, hor ere jendearen eskubideak sistematikoki zapaltzen dira.

Irteera eta sarrera ordutegi zorrotz batekin, pertsona errefuxiatuek soilik goizeko zortzietatik gaueko zortzietara bitarte utzi dezakete kanpalekua, eta igandetan, gainera, aukera hori gabe ere geratzen dira. Halaber, poliziak irteerak blokatzen dizkie kanpoan dauden pertsonen kopurua kanpalekuko biztanleen %10era gerturatzen den bakoitzean, antza denez, agintarien ustez Lesboseko kaleetan 700 pertsona migratzaile egotea gehiegi delako.

Hori bai, kanpalekuan geratzera behartzen dituen arren, gobernuak ez du bertako bizi baldintzak hobetzeko inolako asmorik agertu, besteak beste, hilabete eta erdiren ostean oraindik dutxak jartzeaz ere arduratu ez delako. Jendeak bere burua ur hotzez beteriko bidoi eta botilekin garbitzen jarraitzen du, eta otordu bero bat izateko ere haien kabuz moldatu behar dira oraindik.