Urteko bigarren janari kontainerra Lesbosera heldu da

30 eguneko bidaia egin ostean, maiatzean Euskal Herritik elikagaiz beterik bidali genuen kontainerra gaur iritsi da Lesbosera, premia handiko une batean.

Jasotako elkartasun tona guztiei esker, uharteko gure lantaldeak Moriako kanpamenduan baldintza lazgarrienetan bizi diren pertsona errefuxiatuei kalitatezko otordu duinak eskaintzen jarraitu ahal izango du.

Gainera, kozinaturiko janariaz gain, esparruko biztanleek euren kabuz prestatu ditzaketen elikagai lehorrak ere banatuko ditugu hemendik aurrera. Horrekin, pertsona errefuxiatuek hainbatetan egin diguten
eskaerari erantzutea bilatzen dugu, haien menpekotasuna murrizteko eta elikagaiak nahi duten erara kozinatzeko aukera ematen duelako.

Ezinbesteko laguntza

Kamioia guztiz beharrezkoa zen unean heldu da Lesbosera. Izan ere, koronabirusaren pandemiak eragindako oztopoengatik, ia lau hilabete generamatzan uhartera elikagaiez beteriko kontainerrik bidali gabe. Hain zuzen, supermerkatuetan janari bilketak egitea ezinezkoa izan den hilabeteotan, lurraldeko hainbat enpresak eta eragilek egin dizkiguten donazioak ezinbestekoak izan dira kamioi berri hau bidaltzeko.

Horregatik, eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu Pedro Luis kontserbak, Ybarra kontserbak, Onena espeziak, Lacor Menaje, Derivados del Fluor, Lezo eta Oarsoaldeko jostungileak, Axular Ikastola, Zurkulu, Serrats kontserbak, El Maragato lekariak, Euskaber arrautzak, Aranzu Bakailaoak eta Embalajes Valsayeko lagunei. Mila esker denoi!