Zaporeakek ‘Ez negar egin’ kantaren bertsio propioa egin du aurtengo EITB Maratoian

Ez negar egin EITB Maratoia zaporeak

Zaporeakeko kideok ere EITBk antolaturiko maratoian parte hartu dugu ‘Ez negar egin’ kantaren bertsio propioa eginez. Abenduaren 17an egingo den ekimenarekin bilduko diren ekarpenak COVID-19aren buruzko ikerketara bideratuko dira.

Abestia sortzeko EITBk proposaturiko doinua hartu eta gure hitzak gehitu dizkiogu, koronabirusak eragindako garai zail hauetan ere are baldintza okerragoetan daudenekin bat egitea ezinbestekoa dela gogorarazteko.

COVID-19aren aurkako borroka globala da, eta gure erantzunak ezin du inor albo batera utzi. Horregatik, garrantzitsua da denon esfortzuarekin bultzaturiko ikerketek mundu osoko herritarrentzat eskuragarriak izango diren txertoak garatzeko balio izatea, egun existitzen diren desorekak areagotu beharrean.

Bideoa Zaporeak osatzen dugun hainbat kidek bidalitako irudiekin osatu dugu: Lesboseko sukaldekoak, norbanako boluntarioak, Donostiako bulegokoak, Bulebarreko dendan dabiltzanak, Martutene eta Arrigorriagako biltegietako lagunak… Espero dugu zuen gustukoa izatea!

LETRA OSORIK:

Gaitz berri batek gogor jo gaitu
jada dena zaila zenean.
Birusa dago hortik airean
ta lehendik gure bihotzean.

Boteredunak, bere horretan
denak txertoaren bila.
Bila dezagun honen ondoren
mundua hobea izan dadila.

Ez negar egin, gu elkarrekin!
Hemen eta han denok gara bat!

کمک کردیم به هم دیگه – Elkarri laguntzeko unea da (Pertsieraz)
نريد أن نهدم الحدود – Mugak apurtu nahi ditugu (Arabieraz)
On est un seul monde, on ne fait qu’un – Mundu bakarra dugu, denok bat gara (Frantsesez)
Давайте покажем что мы можем – Erakutsi dezagun zerren gai garen (Errusieraz)

Elkartasunak badu bidea
Euskal Herritik Lesbosera,
garai zailetan ikusten baita
gizartearen izaera.

Ez negar egin, gu elkarrekin!
Hemen eta han denok gara bat!