Zaporeaken okindegia martxan da Lesboseko sukaldean

Okindegia

Lan askoren ostean, azkenean gure sukaldeko okindegia martxan jartzea lortu dugu. Hemendik aurrera gastuak aurreztu eta hornitzaileekiko menpekotasuna murrizteko aukera emango digu.

Hilabeteak generamatzan gure Lesboseko sukaldean okindegi bat sortzeko asmoarekin, baina urtea oso gorabeheratsua izan denez, bata edo bestearengatik proiektua behin eta berriro atzeratu zaigu. Zorionez, azken asteetako lanari esker, gure helburu hori behingoz betetzea lortu dugu eta dagoeneko egunero ogi propioa prestatzen ari gara hura gero pertsona errefuxiatuen artean banatzeko.

Lehen pausoa okindegiarentzako espazio bat sortzea izan zen, eta horretarako sukaldeko biltegian pareta batzuk altxatu genituen. Ondoren, tresneria guztia eskuratu eta langileak ogiaren prestakuntzan trebatu genituen, haien kabuz kalitate paregabeko ogia egiteko gai bilakatu diren arte.

Martxa guztiz harturik, dagoeneko Zaporeaken okindegiak 500 ogi inguru prestatzen ditu egunero, baina gure asmoa laster zifra hori biderkatzea da, kozinatzen dugun otordu bakoitzarekin ogi zati on bat banatu ahal izateko. Gainera, okindegi bat izateak gastuak aurrezteko eta hornitzaileekiko menpekotasuna murrizteko aukera ematen digu.

Okindegiak duen itxura ikusi eta ogia prestatzeko jarraitzen dugun prozesua ezagutu nahi baduzu, ez galdu azpiko bideoa!